“KONTAIDAZU HIRIA” BIDEOMINUTUEN LEHIAKETA

separador-800

Deskribapena:

“Kontaidazu hiria” lehiaketaren helburu nagusia, ikus-entzunezko sorkuntzaren diziplina artistikoa Donostiari buruzko iruditeria kolektiboarekin lotzea da. Ahozko tradizioa sustatu nahi dugu eta kulturaren bidez bi belaunaldiren hurbilketa eragin; adinekoek hiriko leku jakin bat edota garai hartan burutzen zuten eta egun jada egiten ez den jardueraren bat (esaterako zertan jolasten duten) nola gogoratzen duten kontatuko dute eta Donostiako ikasleek film laburrak sortuko dituzte helduen zein beraien ekarpenak bilduaz.

Lehiaketa gisa planteatzen dugun proiektua den arren, haren balio pedagogikoan eragin nahi dugu, ez lehiakortasunean. Hiriaren inguruan aritzeko belaunaldi ezberdinen arteko topaketa aukera gisa alegia.

Nola egingo dugu?

Ikasle guztiak baldintza berdinean daudela bermatzeko eta irakasleen lana errazteko, Ikertzetik, ikus-entzunezko bat (bideo tutorial bat) sortu dugu, minutu bat iraungo duen film laburra egiteko jarraibideak emango dituena.

Lehenik eta behin, ikaslearen inguruko adineko pertsona baten kontakizuna beharko da (familiakoak izan daitezke edo ez), hiriko leku jakin bat nola gogoratzen duen edota burutzen zuen jardueraren bat kontatuko duena; hori izango da ikus-entzunezkoaren gidoia. Ondoren, kamara bati esker, irudiak hartuko dira eta aplikazio erraz eta doako batekin editatu eta muntatu ahal izango dira.

Hainbat aplikazio deskargatu ditzakezu hemen:

Zeinentzat:

“Kontaidazu hiria” Antiguoko auzoko ikastetxeei zuzendutako Lugaritz-Ikertze Ipuin Lehiaketa berritzeko asmoz sortutako egitasmoa da, zeina kasu honetan ere, auzo mailan burutuko den. Zehazki, lehen hezkuntzako seigarren mailako eta bigarren hezkuntzako lehenengo mailako ikasleriari zuzenduta dago lehiaketa:

  • Larramendi Ikastetxea
  • Santo Tomas Lizeoa Ikastola
  • Jakintza Ikastola
  • Ekintza Ikastola
  • Ibai Ikastola

Sari banaketa:

Irabazleak, 2022ko urrian ospatuko den Zinemaldiaren itxiera ekitaldian jasoko du saria.